Ondare ez-materiala > SANTA ANA ALDIZKARIAK

LAU ATEAK

1982an Mikel Urretabizkaiak idatzia

Egunero arazo larritan itota gabiltzan honetan, komenigarria da, gure inguruan izan arren, gehienetan alde batera uzten ditugu gauzatxoei begirada bat botatzea. Harrigarria bada ere, ikusmira mugatuak dituztenek mespretxatu ohi dituzte gauzatxo horiek; aldiz, beren ikusmirak kultura unibertsalaren leihoei zabaldu dizkietenentzat izaten dira estimagarriak. Adokinezko  kale eta oinetxe zaharretako sarra ematen duten lau ateak, gauzatxo horien artean daude eta pozik nengoke, garai batetan horiek egon zirenik ere ez dakitenei, Ordiziako lau ateen berri izatea atsegingarri gertatuko balitzaie.

XIX mende aurreko Ordizia harresitura sartzeko, lau ate zeuden: Frantzia edo Iparraldekoa; Gaztela edo Hegoaldekoa; Garagartzakoa, eta Bakardadekoa. Lehen bietatik errepide zaharrean zehar zebiltzan gurdiak pasatzen ziren eta hori zela eta, postetxe famatu bat sortu zen Ordiziako Sujeto Enean, hain zuzen ere gaur egun estankoa dagoen etxe horretan. Hor egiten zuten geldiune bat garai hartako dilijentziek, modu horretan, bai gurdia zekarten zaldiak eta bai Gasteiz edota Donostiara zihoazen bidaiariek, hainbeste merezitako atsedenaldia goza zezaten.

Esan bezala, lau ate horiek ziren herrira sartzeko bide bakarra. Horietako batetan, Bakardadekoaren ondoan, goardiako soldadu-taldea egoten zen beti, gerratean etsaiak noiz erasoko zai. Soldadu-talde horren egotetxea, gaur egun Elizaren jabetzakoa den lokal batetan zegoen, San Pedro Kalearen bukaeran. Sarrera-Ate horren parean zegoen bestaldetik, berari izena ematen zion Bakardadeko Ama Birjinaren irudi bat. Esan behar da irudi horrek gaur egin arte iraun duela. Ate horretaz kanpo irtenez gero, harresiaz bestaldean, maldak, Oria hertzeraino zuen isuria ikusten zen, han behean, San Bartolome Ermita bakarti altxatzen zelarik. Bakardadeko ate horretan bertan, kanpoaldetik zegoen irekigune batez baliatuz, Maribaratza kanoi famatua egon zen jarrita urte pila batez. Inoiz argitu ez den arren, badirudi, Kanoi hori frantses talde aurreraturen baten eskuetan erori zela.

Gaur egun Jauregi botikategia dagoeneko etxearen eta Banku Zentralaren etxearen artean, Gaztelako Atetik hurbil, Muxika Dorretxearen handitasun itzela zen nagusi. Hor jaio ziren Juan Zeberio Muxikakoa, Migel Muxikakoa edota Alonso Muxikakoa bezalako gizonak, bestaldetik, aldizkari honetan lankide dugun Manuel Muxika ospetsuaren arbaso izan zirenak. Gero, jabeen eskuzabaltasunari esker, dorretxe zaharra Udalaren eskutara pasatu zelarik, eskola jarri zen baten. Santa Maria kaletik jarraituz, eta aipatu berria dugun etxe horri ia erantsita, bere goitasun ikaragarri hartatik Oriaren ibarra menperatzen zuelarik, harresiko dorre begiralea zegoen. XVI mendean, gaur egun Eliz Etxea den horren hormetan sartuta geratu zen eta hala ikusi ahal izan zen hirurogeigarren urte inguruan egin ziren obretan. Eliz barruan, eskuin aldeko eserleku luzearen ondoan, dorre horretara sartzeko zegoen atean, dorre gainekaldera igotzeko egunen batetan zegokeen eskailera biribilaren arrastoak ageri dira.

Garrantzirik handieneko beste toki bat, Frantziako Atea zen. Jaquesen etxearen eta Barrenekoaren artean kokatuta zegoen eta garai batetan, azpitik, tunel baten bidez, bi etxeak elkartuta zeuden. Kroniketan esaten denez, askotan erabili omen zuten tunel hori Karlistadetan. Herriaren goenean, laugarren atea, Garagartzakoa, Gazteluzahar oinetxearen ondoan zegoen. Horretan gaudelarik, esan dezagun bide batez, etxe horrek Plaza Nagusi aldera duen kantoian hain nabarmena den balkoia, berria dela; plaza estalia egin baino gerokoa gainera. Dirudienez, Plazan bertan zegoen, bere garaiean, esparru harresitu barruan gaztelu izan zen etxea: su baten ondoren, errautsita geratu zen Laskaibar Balda Oinetxea. Plaza osatuz, lehendik ere aipatu dugun Sujeto Enea bezala edota Abariakoa bazela, baziren beste batzu ere.

Horietako eraikuntza batzu, Gipuzkoako Batzarre nagusiek ospatutako bileren lekuko izanak dira, gainerako euskal probintzietakoek bezala, horiek Gipuzkoaren jokaera zein izango zen erabakitzen zutenean. Ordiziako etxe horietatik irtendako jendeak eta etxe apalagotan jaio ziren beste batzu, denak elkartu ziren foru askatasunak gordetzeko garaian, XIX mendearen erdialdera horiek ezereztuta utzi zituztenean. Hor dago esate baterako, udal-korporazio osoak, herriaren bultzadaz hurrengo urtean burutu zuen protesta-mugimendua. Foruan kentzean, Euskal Herrian, Armadarako Erreklutamendu eta Ordezkaldirako Legea jarri zen indarrean eta horrek sortarazi zituen protesta biziak isilerazteko, Gobernadore Zibilak berak sartu behar zian zuen eskua. Baldin eta 1877ko ordezkaldiko zerrenda osatzerakoan, alkatea eta kontzejalak bertan ez bazeuden, indarra erabili beharko zuenaren mehatxua egin zuen. Horrena aurrean eta kontrakotasunean jartzea alferrik zela ikusiz, amore eman behar izan zuten. ez da ahaztu behar, Bigarren Karlistada bukatu zen arren, indar militar handi samar batek, Santa Maria Kaleko 12garrenean izan zuela bere koartela.

Gure herriagatiko interesa eragin dezaketen gauzatxoak. Leonardo Urteaga ordiziar idazleak esandakoei jarraituz, esan dezagun guk ere, jaio gareneko herriak ez duela munduan parerik. Halaxe dio baserri apal hartako idazkiak: “Gure herria –txikia edo aundia- baño geurea”.

MIKEL URRETABIZKAIA.

 

 

 

SARE SOZIALAK

LOGOTIPOAK

ordiziako udala ordizia hiri hezitzailea

© Ordizia Hiri Hezitzailea