Albisteak rss

HIRI HEZITZAILEAREN NAZIOARTEKO EGUNA

2017/11/30

HIRI HEZITZAILEAREN NAZIOARTEKO EGUNA
ORDIZIARROCK-OTA TALDEARI AITORTZA EKITALDIA
PLAZA NAGUSIA
Osteguna, azaroak 30, 18:30 h.

Hiri Hezitzaileen Karta betetzeko konpromisoa hartu duten tokiko gobernuak biltzen dituen irabazi asmorik gabeko erakundea da Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkartea. Hiri Hezitzaileen Karta horixe da, hain zuzen, mundu-mailako mugimendu horren ibilbideorria, 1990ean egin zen Hiri Hezitzaileen Nazioarteko I. Biltzarrean abian jarri eta 1994an elkarte gisa eraiki zen mugimenduarena, alegia.

Hiri hezitzailea gizartea eraldatzeko tresna gisa hezkuntzaren (hezkuntza formala, ez-formala eta informala) aldeko apustua egiten duen hiria da, lurraldean eragina duten ahalik eta heziketa-eragile gehien mobilizatuz eta antolatuz. Bizitza osora zabaltzen den eta hiriko bizitzako hainbat eta hainbat arlotan eragina duen hezkuntzaz ari gara.
Inklusioa eta aukera-berdintasuna, justizia soziala, demokrazia parte-hartzailea, kultura
arteko bizikidetza, belaunaldien arteko elkarrizketa, bizimodu osasungarri eta iraunkorra, hiri iritsi-erraz eta interkonektatu baten plangintza, lankidetza, bakea eta horrelako balioak indarrean dauden hiri-eredu batekin konprometituta egotea eskatzen du horrek. Hiri Hezitzaileen Kartan jasota dauden printzipioak dira guztiak.

25 urte baino gehiagoko ibilbidea egin ondoren, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkartearen Batzar Nagusiak azaroaren 30a Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egun gisa izendatzea erabaki zuen, hezkuntzak aldaketarako tresna gisa duen garrantzia mundu osora zabaltzeko eta hiri-eredu horren aldeko aliatu gehiago lortzeko. Horrela, 2017. urtean, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egunaren bigarren edizioa ospatuko da, lehenengo edizio arrakastatsuaren ondoren. Ordiziako kasuan iaz “Ordizia Hiri hezitzailea” foroan parte hartzen duten eragileei aitorpena egin zitzaien. Hauxek izan ziren: Goiztiri AEK Euskaltegia, Ordizia Kolore, Goierriko Bertso Eskola, Dar-dar produkzioak, Ordizia-Garagune Goyeneche Fundazioa, Gazte lokala, Hitzaro Euskara Elkartea, Jakintza ikastola, Kale hezitzaile zerbitzuak, Kimetz Emakumeen elkartea, D’elikatuz zentroa, Oianguren Institutoa, Urdaneta Ikastetxea, Zuhaizti zentro soziala, Larrun arri elkartea, Caritas eta Euskarazko irakurle taldea.

Hiritarren parte-hartzea da, beraz, hiri hezitzaileek izaten duten eraldaketaren motorra, eta hori, bere horretan, prozesu hezitzaile bat da: parte hartuz ikasten dute pertsonek hiritar konprometituak izaten, interesa sortzen zaie, eta gauza publikoetan inplikatzen dira; eta adostasunetara iristeko elkarrekin hitz egiten eta besteen iritziak errespetatzen ikasten dute. Eta bigarren edizio honetan “Ordizia Hiri hezitzailea” foroak Ordiziarrock-Ordiziako Trobadore Alaiak taldearen lana aitortu nahi du, eta baloratzen da taldeak inklusioaren alde egiten dituen ahaleginak, bere kultur proiektuak erabat irisgarriak eta inklusiboak izateko ahalegina, persona guztiek modu aktiboan eta aukera berberekin parte ahal izateko.

Aitortza ostegun honetan egingo da, Hiri hezitzaileen nazioarteko egunarekin bat eginez, arratsaldeko 18:30etan Plaza Nagusian, ekitaldi xumea, non eta bertan nazioarteko egunaren manifestoa irakurriko da eta Belaño musika taLdeak eta Xabier Crehuet kantariak ere parte hartuko dute. Hiritar orok gonbidatuta daude ekitaldira.

Ordizia Hezitzailea erabiltzailearen argazkia.

facebook
0
twitter
Komentarioak
0

SARE SOZIALAK

LOGOTIPOAK

ordiziako udala ordizia hiri hezitzailea

© Ordizia Hiri Hezitzailea